domingo, 7 de marzo de 2010

David Belver, Urnieta Kirol Elkarteko eskubaloi taldeko entrenatzailea eta jokalaria

Eskualdean futbola eta pilota dira kirolari gehien erakartzen dituen kirol jarduerak. Urnietan ordea, eskubaloiak badu bere lekua. Herrian zaletu eta jokalari asko daude. David Belver, Urnieta Kirol Elkarteko eskubaloi taldeko entrenatzailea eta jokalaria da. Astekari honetan agertzen diren kronikak ere berak idatzitakoak dira. Entrenamendu saioa hasi aurreko minutuetan, jokalariekin kontu kontari topatu dugu Urnietako kiroldegian.

Zenbat talde daude eskubaloien jokatzen dutenak UKEn?
D.B.:Sei talde aritzen gara. Infantiletan hiru talde ditugu, kadete maila bi talde eta seniorren taldeak osatzen dugu UKE eskubaloi taldea.Hurrengo urterako beste bi talde lortzeko ahaleginetan ari gara,nesketan zein mutiletan, kategori lortu ahal izateko.

Infantil mailako nesken entrenatzailea zaitugu. Zer moduz daramazue denboraldia?
D.B.:Oso ondo. Bi talde ditugu, lehena zaharrenekin eta bigarrena gazteagoekin, apur bat desberdintze aldera. Txikienak ikaste fasean aurkitzen dira, zaharrenak apur bat aurreratuago daude baino ikasteko eta ongi pasatzeko elkartzen gara. Liga amaitua dugu eta orain Kopa antzeko txapelketa bat jokatuko dugu. Ahal dela, gure maila duten taldeekin lehiatuko gara. Apirila bitarte partidak jolasten arituko gara, gerora ea beste txapelketaren bat datorkigun.

Nola definituko zenuke zure burua entrenatzaile moduan?
D.B.:Ez naiz oso entrenatzaile gogorra. Taldekideekin asko hitz egitea gustatzen zait, harreman estua sor dadin, izan ere, egun txarrak guztiok ditugu eta hori kantxara etorritakoan antzeman egiten da.

Erakusten aritzeaz gain, eskubaloian jokatu ere egiten duzu senior mailan. Zein txapelketatan ari zarete?
D.B.:Momentu honetan bigarren territorialen liga ari gara jolasten. Lehen buelta oraintxe amaitu dugu, eta hor gabiltza saiakerak egiten. Egia esan lesionatu mordoarekin aurkitzen gara oraintxe.

UKEko blogean kronikari zaitugu. Noiztik izan duzu eskubaloirako zaletasuna?
D.B.:Egia esan txikitatik datorkidan zaletasuna da. Lagunekin batera betidanik jolastu izan dugu eskubaloian eta kronikak herrian eskubaloia bizirik dagoela erakusteko idazten ditut. Badirudi apur bat funtzionatzen duela.

Hurrengo partida non jokatuko duzue? Irabazteko moduan ikusten al zarete?
D.B.:Aurreko astean atsedena izan genuen bai txikienekin eta helduagoekin eta asteburu honetan Donibanera joango gara jokatzera. Hala eta guztiz ere, zikloia dela eta, partidak suspenditzen ari direla esan beharrean naiz. Espero dugu partida irabaztea, saiatuko gara behintzat.

Non pasatzen du denbora gehiago Davidek, etxean, kalean ala polikiroldegian?
D.B.:Etxean baino gehiago kiroldegian edo pintxo bat hartzen taldekideekin... Hemen inguruan ibiltzen naiz normalean.

DAVID BELVER, KIROL KRONIKAK:
urnietakoeskubaloia.blogspot.com

No hay comentarios:

Publicar un comentario